Mirari foralak aurrera darrai

Historikoki, Eliza eta Opus Dei Foru Erregimenaren funtsezko zutabea izan dira. Trantsizio politikoaren prozesuan, erakunde horien presentzia eta eragina testuinguru berrian nola kokatu zalantza nagusietako bat zen. Hala ere, ziurgabetasun hori berehala argitu zen, hartutako erabakia argia izan baitzen: bere status quo-ari eustea. Nahiz eta hain agerian ez egon, eta Nafarroako gobernuak hauen lorpenak etengabe aldarrikatu ez baditu ere, egia esan, Elizak eta, bereziki, Opus Deik beren agendarekin jarraitu ahal izan dute, inolako oztoporik gabe.
Jarraitutasun horren adibide bat immatrikulazioen fenomenoan ikus daiteke. Gaur egun urrats berriak agintzen ari diren arren, badirudi 10 urte ez direla nahikoak izan elizak herriari lapurtu dizkion ondasunak desjabetzeko. Are gehiago, 2015etik gaur egun arte, immatrikulatutako ondasunen kopuruak gora egiten jarraitu du, Nafarroako Gobernuak argitaratutako zerrendan agertzen denez, eta orain arte ez da onartu ondasunak itzultzeko benetako neurririk.
Bestalde, Nafarroako Unibertsitateak 39,2 milioi euroko irabaziak izan ditu 2024an. Halaber, nabarmentzekoa da eliza eta opus inguruko entitateekin sinatutako itunetan emandako diru laguntzak: Nafarroako Unibertsitatea (12,3 milioi 2014an eta 23 milioi euro 2024ean) edo San Juan de Dios (16,5 milioi 2014an eta 28,2 milioi euro 2024ean). Datu horiek agerian uzten dute gobernuak eliza katolikoari lotutako erakunde pribatuak indartzeko joera duela, osasun sistema unibertsal, doakoa eta kalitatezkoarantz urruti eta sistema publikoaren garapenaren eta hobekuntzaren kaltetan.
Elizak eta Opus Dei-k Nafarroan duten eraginaren iraupenak eta sendotzeak jarraipen instituzional nabarmena erakusten dute, aldaketa politikoa gorabehera. Uxue Barkosek 2017an esan zuen bezala: «Opus Deik ikur ezberdineko gobernuekin bizitzen ikasteko unea da». Era berean, zantzu guztien arabera, garaia zen zeinu desberdineko gobernuek Opus Dei Eliza Katolikoarekin bizitzen ikasteko.