MANIFESTUA
2025ean hamar urte beteko dira Nafarroako Gobernuan UPN-PP ez dagoenetik. Nahikoa denbora da joerak aztertzeko eta balantzea egiteko. Zer gertatu da hamarkada honetan? Zer espero dezakegu etorkizunaz? Diruz lagundutako prentsaren lerroburuen arabera, nabarrismoaren korralitotik administrazio aurrerakoira igaro omen gara, aldaketaren gobernuan igarotoki batekin. Baina, autokonplazentziazko erretorika instituzionaletatik eta klase politiko profesionalaren balorazioetatik harago, haustura-izaeratik lan politikoa egin nahi dugunok, zorrotz aztertu behar ditugu aldaketa materialen irismena eta errealitatean dauden baldintzak.
2015ean erori zen Nafarroa trantsiziotik gobernatzen zuen erregimena. UPN-PSN tandema PP/PSOE binomioaren foru-itzulpena zen, zeina M15 garaian sortutako mobilizazio zikloan 78ko Erregimenaren habe nagusitzat seinalatu baitzen. Nola liteke erregimenaren bermatzaileetako bat zen hori bloke aurrerakoiaren buru izatera igarotzea? Indar korrelazioaren aitzakiapean, eta, diotenez, kosta ahala kosta eskuinaren itzulera saihesteko, erregimena bertan behera uztea eta aldaketa ezartzea hitzeman zuten alderdi horiek PSOEren neurriko gobernantza baten mendeko eragile bihurtu dira.
Hauteskunde-izaerako mugimendu indartsuak izan dira, hala nola PSNren metamorfosia, UPNren barne krisia eta Voxen agerpena, M15eko mugimenduaren gorakada eta gainbehera, Ezker Abertzalearen instituzionalizazioa edo EAJren papera Nafarroan. Hala ere, ez da esanguratsuena klase-politika bat bultzatzeko aurkitzen ditugun erronkei eta zailtasunei heltzeko orduan. Lurraldearen egungo gobernantzaren ildo nagusiak, horiek sortzen dituzten kontraesanak eta gatazkak, izan ditzaketen krisiak eta horiei jarraipena emateko edo aurre egiteko baldintzak sendoak diren aztertzea da funtsezkoena.
Horretarako, eta esan bezala, aurrena analisia. Lehenik eta behin, azter dezagun eginen zenari buruz esandakoak, zer den egin dena, eta, oso garrantzitsua, nola saldu den kanpora begira. Bigarrenik, ustez aurrerakoia den politika horren benetako helburuei loturik, zer ondorio politiko, ekonomiko eta sozial izan dituen eta etorkizunerako zer aurreikuspen dauden. Azkenik, bizi dugun unea ongi ezaugarritu behar dugu Nafarroan proiektu apurtzaile bat berriz abiarazteko asmoa badugu.
Testu honekin batera datozen irudiak ikerketa apal baten emaitza dira. Hemen aurkeztu eta lankidetzarako gune gisa eskaintzen den dinamika baten lehen aurrerapena da honako hau, nahi duenak parte har dezan. Sei gai aukeratu ditugu diagnostikoa hasteko, eta sei gai horiek funtsezkoak iruditzen zaizkigu Nafarroaren azken hamar urteotako eraldaketaren garrantzia eta zentzua ulertzeko. Postal bakoitzean datu adierazgarriak aurkezten dira, eta 2015 aurreko Nafarroa gaur egungo panoramarekin alderatzeko aukera ematen digute. Nafarroa, kapitalaren zerbitzura irudiak enpresa-irabazien eta soldaten bilakaera konparatzen du; Zerealak, txerriak eta ubidea-k lurraren kontzentrazioaren eta ureztatzearen areagotzearen prozesua erretratatzen du; Nafarroa, paradisu fiskala-k, lanerako karga fiskalen eta kapitalerako kargen arteko asimetria nola sakontzen den islatzen du; Mirari forala-k Eliza Katolikoaren eta Opus Deiren negozioen bilakaera azaltzen du; Paisaia hondatuak irudian potentzia elektrikoaren gorakada pobrezia energetikoaren igoerarekin kontrajartzen da; eta, azkenik, Nafarroako Polizia Komunitatea-k poliziari bideratutako baliabide publikoen gorakada erakusten du.
Gure ustez, postal multzo honek hipotesi bat jendaurrean aurkezteko aukera
ematen du, eta eztabaida zabaltzeko lan-esparru bat eskaini. Korralitoa
bizirik den artean, borrokak jarraitzen du. Frankismotik oinordetzan hartutako Nafarroako botere-egitura ezin hobeto koipeztatuta eta egiturazko aldaketa gutxirekin mantendu da. Egungo bloke aurrerakoiak korralitoa urberritzen jarduten du, betiko interesak asetzen jarrai dezan. Azken finean, zerk ezaugarritzen zuen eta du Nafarroako klase-egitura? Elite politikoaren eta elite ekonomikoaren arteko xede-batasunak. Jarraibide handiago batzuetan oinarritutako norabide iraunkorrak: enpresen interesekin lerrokatzea gobernua, bankuen etekinak babestea, soldatak arpilatzea, Eliza Katolikoaren eta Opus Deiren pribilegio-posizioa mantentzea, euskarari oztopoak jartzea, ingurumenaren aldetik suntsitzaileak diren makroproiektuei ateak zabaltzea, gauzen ordena zalantzan jartzen dutenen aurkako errepresioa gauzatzea.
Gehienen bizi-baldintzek okerrera egin dute kalte txikienaren izenean, ezin baita hobetu metatze-zirkuituak kontrolatzen dituzten gutxiengoei lan-errentak transferitzen jarraitzen den bitartean. Hitz batez, eta orain arte, bloke nabarrista tradizionalak eta egungo bloke aurrerakoiak osatzen dituzte Nafarroako erregimen kapitalista kudeatzeko bi moduak. Eta politika instituzional bakar batek ere ez du errealitate hori errotik aldatuko.
Aurrekoa esanda, krisi-testuinguru honetan, klase ertainak eta ongizate-estatua erreproduzitzeko oinarriak kolokan daude. Itun sozialerako marjina estutu egiten da, eta integrazio-estandarren azpitik geratzen den sektorea gero eta handiagoa da. Gobernuek ezin dituzte jada kapitalaren eta lanaren interesak bateratu, eta, ezintasun horren aurrean, lehenak babestea dute aukera bakarra. Mendearen azken laurdeneko narridura sozialak eta ekonomikoak abagunea sortu du menpeko geruzetatik koiuntura pentsatzeko. Zer eskaera eta zer ekintza politiko landu ditzakegu deskonposatzen ari den gizarte-kohesioaren hondarretatik? Uste dugu atzeraezina dela haustura terminoetan hitz egitea foru korralitoak eta korralito progreak gizendutako klase ertain eta altuen arteko itunaz.
Izanen da bere garaian ilusionatu eta desengainuan amaitu zuenik, izanen da aldaketa errealik ez zelako bere hipotesiak baieztatuta ikusi dituenik, eta izanen da alternatiba hoberik ba ote den zalantza izaten jarraituko duenik. Hausnarketak eta eztabaidak partekatzeko eta erregimenarekin eta haren kolaboratzaileekin bat ez egiteko gune bat antolatzeko topagune izan dadila dinamika hau. Klase borroka aktibatzeko ziklo berri bat enpresarien eta korralitoko alderdien aurka. Aldaketa kosmetiko eta komunikatiboen aurka, aldaketa material, ekonomiko, politiko eta sozial integral eta sakonaren alde. Langile-klasearen onerako.